Kanpaldia, elkarbizitzaren islada

Suspertzaile, begirale, animatzaile... azken batean hezitzaile garen aldetik gogoeta txiki bat egiteko parada eman digu kanpaldiko 25 urteurrenak. Atzera begirada bat botatzeko, ekintzez gainezka izan ohi dugun egutegian tartetxoa hartu eta orrialde honetan hitz gutxitan adierazi asmoz, urte hauetan zehar eginiko ibilbideak gugan izan duen eragina eta duen garrantzia nolakoa den hasnartu dugu. Izan ere, jarduerek bere horretan bistakoak diren emaitzak ematen dituzten bezala, epe luzera nabariak diren arrastoak ere uzten baitituzte gugan.

Urteetan biltzen joan garen argazkiek kanpamenduan igarotakoak, ikusitakoak isladatzen dituzte, 15 egunez bizitakoaren testigu dira. Irudiek ordea sarritan hamaika hitzez adieraz daitekeena baino gehiago esaten badute ere, informazio mugatua ematen digute. 25 urte igaro direnean, ordu luzez egongo ginateke kanpaldiak eskeini izan digun elkarbizitza horretan bizitakoez hitz egiten eta hala ere, hauek ez lirateke nahikoak izango. Eta hitzez konta dezakegunarekin batera, gure eguneroko zeregina, gure eguneroko jarrera ere, badira urte hauetan guztietan elkarbanatu ditugun esperientziek irakatsi digutenaren islada.

Handia da beraz, gutako bakoitzarentzat eta taldearentzat oro har ekintza honek duen garrantzia, kanpaldiak gure ikasturteko lanean duen lehentasuna. Taldearen aldetik lan, ilusio, konpromezu, denbora... handia jasotzen duena urtero, taldearen beraren indarberritzea ekarri izan duena 25 urtez.

Etxetik urruti baina aldi berean etxeko giroan, Quintanarreko pinu artean eta izarrez jositako zerupean, eguneroko jardunean murgilduko gara aurtengoan ere 40 egunez talde giroan elkarri lagunduaz, elkar errespetatuz elkarbizitzeko. Eta burutuko ditugun ekintzak, izango ditugun elkarrizketak, egingo ditugun ospakizunak, oroituko ditugun lagunak... elkarbizitza hori sustatzeari begira erabiliko ditugun bide, ekintza edota tresnak izango dira. Urteetan erabili izan ditugun baliabideak ditugunak, 25 urteetako ibilbide honetan garatutakoak, hezkuntza ez formal moduan gaur egun ezagunak direnak.

Izan ere, hezkuntza formala eta ez formala elkarren osagarri diren aldetik azken honen inguruko azterketa eta ikaskuntza handitu egin dira azken urte hauetan. Garapena ordea urte askotakoa izan da, urteetan zehar horren inguruan lanean aritu izan diren taldeen aldetik sustatutakoa. Formalki gauzaturik ez zegoen hezkuntza honetan oinarritutako lana izan da gure kanpaldiak ere, urtez urte izan duen lan ardatza. Urtero gaztetxoak hezitzeko helburuz aritu dira suspertzaileekin batera, bertaratutako sukaldari, arduradun eta muntatzaileak, urtero haiek ere jasoz horrela heziketa honen ikaskuntzarik.

Eta urtero bezala ekainaren 24an kanpamendurako bidea hartuko dugu, muntatzaileak lehenengo eta gaztetxo, suspertzaile, sukaldari eta arduraduna ondoren Burgoseko herri txiki hartan urte honetan ere bereziki berezia izango den udako ekintza hau burutzeko. Azken urteko partaideekin batera, urte hauetan guztietan lanean aritu diren haiek aukera izango dute bertara joateko, hezitzaile diren aldetik atzera begirada botatzeko parada emanez horrela kanpaldian zeregin batean ala bestean aritu izan direnei.

Olatz

Itzuli / Volver