NIRE KANPAMENTUA

 

"...y donde no hay mata no hay patatesa."Hamabost urte nituen, ordurarte nire eskursioetako esperientziak gutxi ziren, eguneko irteerak edo behin Ikastolarekin kurtso bukaeran egindako bost-sei eguneko udaleku txikia Iratxen. Azkeneko hori ez zen oso gustukoa izan, nahiko gaizki pasa nuen, bost kilo galdu eta eztarriko minez etxera bueltatu nintzen. Horregatik ez nuen ez asmo ez gogorik berriz beste horrelako esperientzia bat bizitzeko.

Parrokian, katekesi taldean, aspalditxotik hasi zen Felipe gure kaskoak berotzen: aurreko urtean egindako lehenengo kanpamentua famatzen: "zein ondo pasatu genuen! Zein gustura egon ginen! E, Ixiar?" Honek baietz, noski, aurreko urtean bere anaiarekin eta bere ahizpa Esther begiralearekin joan baitzen eta gure taldetik bakarra zen kanpamentua ezagutzen zuena. Eta bera eta Feliperen artean guri joateko eta joateko.

Eta hainbeste entzunda "goazen, goazen", badirudi nire lagunak animatzen hasi zirela; Juan Manuel eta Iñaki joateko prest jarri ziren eta niri ere animatzeko eta joan egin behar genuela eginez. Zer egin? Nire buruan dilema handia zegoen, alde batetik aurreko esperientzia txarra eta bestetik lagunarteko erabakia. Zergatik, garai hartan ez ziren gauzak orain bezala, neskak alde batera utzi eta mutilak gure rollora joaten ginen, baina denak elkarrekin gauzak egin edo, bat ere ez! Nik ez dakit haiek ni gabe joango ziren, baina nik zer egin behar nuen haiek joaten baziren eta ni ez? Erabakia: goazen kanpamentura!!!

Iritsi ginen. Mintxaten (Isaba eta Uztarroz bitartean) zegoen kanpamentua. Azkenik, Iñaki eta Juan Manuel alde batetik, eta baita Ixiar, Jaxone, Nekane eta Ane ere, gure taldekoak bestetik, eta Eduardo, gu baino gazteagoa, baina laguna hura ere. Begirale baten bat ere ezgutzen genuen: Esther, Arantxa eta Felipe, baina gainontzeko guztiak gutxi gorabehera ezezagunak.

Nork esan niri orduan hogeita lau urte geroago oraindik kanpamentua egongo zenik eta ni inguruan ibiliko nintzenik? Kanpamentu hartan asko ikasi nuen: etxetik kanpo hamabost egun egoten, nik neuk nire beharrak antolatzen, naturan bizitzen eta bertan disfrutatzen. Gogoratzen dut hasieran nire helburua egunak ahalik eta azkarren joatea zela (aurreko aldian bost egun eterno pasa nituelako) eta nik ezer esan gabe eta inorekin hitz egin gabe kanpamentu erdialdea pasa zenean nire gurasoak azaldu ziren; Erriberatik zetozen eta gerezi eta albarikoke pila bat ekarri zuten guretzako eta begiraleentzako ardoa (asmo hori , behintzat, nahiz gero gaztetxo bat edo beste moxkor-moxkor eginda gelditu, begiraleen bronka jasota gainera). Hori zen aukera handia haiekin etxera joateko! Baina... jolin, nik ez daukat orain etxera joateko gogo minimorik ere... Aitor, hi haiz tontoa, pentsatu nuen, egunak azkar pasatu nahi? Ez, ez, alderantziz duk, hemen gero eta gehiago hobe!

Lagun asko egin genituen. Gu hirurok eta han erlazio egindako beste birekin, Maritxa eta George, gure lehenengo koadrila osatu genuen. (Ondorengo urteetan kanpamentuan ezagututakoekin koadrila hori gero eta handiago bilakatu baitzen).

Gaiztakeria bat edo beste egin genituen ("kaskaratik atera", esaten den bezala), fama pixka bat hartu genuen eta hurrengo kanpamentuetan kontatzeko batallitak sortu ere bai, e, Joseba?

Hurrengo urtean ez zegoen guri animatu beharrik. Urte hartan lekua aldatzen genuen. Nire aitak Isabakoa ikusi zuenean Feliperi berak ezagutzen zuen beste leku batera joateko animatu zion. Ikustera joan ziren eta nahiz urruti samar iruditu (Felipe Burgosen dagoeneko iristeko prest zegoen, eta bidea joan eta joan, inoiz ez zirela helduko beldurtzen omen zen). Asko gustatu zitzaion Revenga parajea: Quintanar de la Sierra herrian, Burgos eta Soria bitartean, Europako pinudi onenetakoen artean, Urbion inguruan, paraje zoragarria, urteetan eta urteetan kanpamnetuak kokatzen diren lekua.

Oraindik ez ginen begirale, baina kamioarekin batera hor joan ginen gu ere, Juan Manuel, Iñaki eta ni, kampamentua montatzera. Orduan ez baitzegoen gaur egungo infraestruktura, baina lo egiteko koltxoiak, mahaiak eta aulkiak jateko behintzat hor hasi ziren. Dena montatu eguerdirako eta arratsaldean iristen ziren guztiak. Felipe herrira joan zen eta hirurak gelditu ginen kampamentuko jabe. Hor geundela, bi guardia zibil azaldu ziren eta gu haiekin hizketan, Felipe herrira joan zela eta hura zela zuzendaria eta abar. Halako batean: "¿Y cuándo vienen los chavales?" , galdegin ziguten. Gu "txabales" eta "kuando bienen los txabales" guri? "A la tarde", guk. Momentu horretan puztu-puztu egin eta "los txabales" garrantzitsuenak sentitu ginen.

Kanpamentu hura zoragarria izan zen, aurreko urteko batallak kontatzen famatu egin ginen, kanpamentuko erdi-jauntxo bihurtu ginen eta gure koadrila (Iñaki, Juan Manuel, George, Maritxa eta ni) eta Ritxar "Komando Bixente" izan ginen.

Urte hartan ere lagun asko egin genituen, eta gero gure koadrilarekin elkartuko zen neska taldea ere orduan ezagutu genuen, Maite ere bai, nahiz eta berak esaten duen bezala ez nion batere kasurik egin. Guk orduan ere mutilak alde batera eta neskak bestera.

Gaiztekeria bat edo beste ere bota genituen, gure fama partikularra haziaz. Baina, zer gertatu da? Azken eguna, nahigabean bukatu. Buelta. Hurrengo urtea noiz etorriko zain. Eta han, Madalenak pasa arte kanpamentuan pentsatzen.

Lehenengo gaztetxo, gero begirale, montatzaile eta desmontatzaile orain. Gauza asko bizitu ditut kanpamentuetan: momentu onak eta momentu txarrak, urduritasuna batzuetan, lasaitasun handia besteetan, haserreak ere bai, gehienetan laguntasuna eta maitasuna berriz. Lan asko egin dugu, e Arturo? Baina zuk eta nik badakigu bueltan jaso dugun ordaina zenbatekoa izan den. Arturo gu baino beranduxeago hasi zen, baina hasiera batetik konplizitate bat sortu zen bion artean. Biok kanpamentua berdintsu bizitzen eta sentitzen dugu. Programaketan, jokuetan, mendian, mahaian, serio behar denean, barrean, haserrean, presako lanean, montaketa eta desmontaketan, herrian, Playa Pitan eta pistinan, kanpin dendan ere, beti elkarrekin. Pello ere begirale bihurtu ginenean hasi zen gurekin, eta baita engantxatu ere. Gauza hauengatik kanpamentuak niretzako garai diferenteak izan ditu. 80an hasiz geroztik bi urte huts egin ditut: 95a lanarengatik eta 96a ezkontz bidaiagatik.

Gaur egun montatzera eta desmontatzera joaten naiz, eta horretaz gain saiatzen naiz beste arlo batzuetan ere laguntzen. Oraindik ere kanpamentuaren ilusioa ez da itzali niregan. Montatzeko billeratik hasita sua pizten zait, eta montatzera joaten garenean, nahiz eta lana gogor egin giro zoragarria sortzen da guzion artean, eta zinkillioren haserreak kenduta, zaharrenetik hasita (Joxe, Joxe Mari, Pello,German nola pasatzen duzue?) gazteenetara (Zorion, Mikel, Ramon, Olatz, etab.) talde giroa gogoz bizitzen da.

Maitek ere ez du kanpamentuko gogoa galdu eta haurrak gustura joaten dira, iaz ere hamabost egun egin zituzten. Ez dakigu nondik etorri zaien, geneetatik edo... , baina kanpamentuzaleak dira hauek ere, hain txikiak eta dagoeneko kanpamentuko bizitzan. Ander gainera desmontatzera eraman nuen iaz eta beste guziak bezala lanean aritu zen.

Badut beste gogorapen bat azpimarratzeko ere: sukaldariena. Begiraleen artean lehen bat eta gero bat egon bada, sukaldariak joaten hasi zirenetik izan da. Oso gogoan dut Bittori, berak hainbeste disfrutatu duenik gutxi baitaude, eta beti esan digu bere bizitzako unerik politenetakoak bizi zituela gurekin. Eta noski, hasi eta jarraitu, betikoak, sukaldarien "zuzendariak", gure gogoan eta bihotzean daudenak: Nati eta Lola; musu handi bat zuei hiruroi eta sulkadetik pasatu diren guztiei.

Hau da nire kanpamentua, zenbat orri beteko ote nituzke dena kontatzeko? Ezinezkoa da, baina oraindik kanpamentu ingurura etortzen zareten edo etorriko zaretenen artean kontatuko ditugu guziak, nik nire kanpamentua, hik hire kanpamentua, hark bere kanpamentua, zuk zure kanpamentua, zuek zuen kanpamentua, haiek haien kanpamentua, GURE KANPAMENTUA, 25 urte betetzen dituen KANPAMENTUA.

Oso

Itzuli / Volver